Mintzapraktika
... Dantzatu mingaina!

MINTZALAGUNARI BURUZKO ERREPORTAIA “MATRAKA”-N,

2008ko Abenduaren 23an

Gaurkoan, “Matraka” Berria egunkariko gehigarrian Mintzalagun programaren inguruan atera zen erreportaia baten berri ematera gatozkizue. Erreportaia horretan Donostiako eta Gasteizko programak agertzen ziren, baina guk hemen, bereizki Gasteizko Mintzalagunari buruz esandakoak laburtu eta bildu nahi izan ditugu.

http://www.matraka.info/irudia.php?NrArticle=126881

“Buru-mihietan euskara azkartzen”

Otx! Mingaina trabatzen zait!… Ene, nola hasiko naiz ezezagun hauekin euskaraz… Uf! Ahalketzen naiz hauekilan euskaraz mintzatu behar izateaz!… Kauen! Koadrillan beti erdaraz jardun dugu, eta zelako lotsa, orain euskaraz!… Halako pentsamenduak ez zaizkio arrotz egingo euskara ikasi eta hobetzeko lanean dabilenari. Oinez goazela zangotrabatzeak nola, hizketaldian ere mihia korapilatzea edo lotsaren lotsaz berba jarioa etetea normala da. Ekinean ikasten da, hanka sartuz eta hobetuz; eta hizkuntzak ez dira salbuespena. Natural egin behar da bidea, eta, horretarako, badira, zorionez, hainbat makulu. Mintzapraktika ikasgeletatik kalera, etxera, lantokira, mendira, gaztetxera, tabernara, kontzertuetara, ohera… bizitzako esparru guzietara eraman behar da, euskarak eta euskaldunok, euskal hiztunok, osasuntsu iraungo badugu.
Makulu horietako bat dira Mintzalaguna eta antzeko ekimenak: Berbalagun, Mintzakide, Solaskide… Euskal Herri osoan ez ezik, Interneten ere barreiaturik daude. Buru-mihietan euskara azkartzen saiatzen dira mintzapraktika proiektuetan parte hartzen dutenak. Azkartzen, indartu nahiz bizkortu edo bizitu zentzuekin. Ikasitakoa erabiltzen, lantzen, biribiltzen, goxatzen… eta esamolde eta hitz berriak ikasten. Betiere, lagun zaharrez eta berriez inguratuta, ondo pasatuz, hainbat ekintza eta jardueratan. Klase eta arbeletatik urrunxko, aisialdian bereziki. Euskara elkarte, AEK eta IKA euskaltegi sare eta gizarte mugimenduen elkarlanezko ekimena da.

Oskar Zapata (Topaguneko Mintzapraktika Programen koordinatzailea)

Oskar Zapata Iruñekoa da, eta euskara elkarteen bilgunea koordinatzen du, Topagunea. Mintzapraktika egitasmoen ikuspegi orokorra duenez, hainbat datu ditu esku artean. Iragan ekaina arteko programetan 2.500 lagunetik gora ibili ziren, Euskal Herriko 44 herri eta hiritan. «Iparraldean zenbat ibili ziren zehazki jakin gabe. Baionako AEK-ko euskaltegiaren inguruan talde bat mugitzen dela badakigu». Matrakak jakin duenez, Donibane Lohizune inguruan ere bada talde bat; ez, ordea, Zuberoa eta Nafarroa Beherean.
Ekimen horietan gazteek zein helduek hartzen dute parte. Getxon Bizkaia, esaterako, parte-hartzaileen batez besteko adina 29,5 urtekoa da. Talderik handienak hiri inguruetan biltzen dira: Iruñerrian eta Gasteizen 200dik gora lagun, Donostian, Getxon eta Mahatserrian Bilboko Begoña elizateko auzoak hortik hurbil… Zabalkunderik handiena Bizkaian du 25 herritan, Gipuzkoan 17, Nafarroan Sakanan, Bortzirietan eta Iruñerrian, Araban Gasteizen, Aiaraldean eta Arabako Errioxan…
Zapataren ustetan, Mintzalagun ekimenen helburu nagusia euskaraz funtzionatzen duten harreman sareak sortzea da, «horrek komunitatea trinkotzeari begira dakarren ontasun guztiekin». «Esan behar da Mintzalagun taldeak leku publikoetan biltzen direnez kale erabileran eragina izaten dutela eta jarioa landu behar dutenei lekua eginez euskaldun kopurua handitzeko eragina dutela».
Haren idurikotz, «erronka polita» da euskaldun jendeari ulertaraztea «komunitate osoari egiten zaion eskaintza» dela, aisialdikoa, lagun zahar edo berriekin zaletasunak konpartitzeko gunea ere badela, elkarrekin mendira joatekoa, kontzertu batera joatekoa… Azken batean, «euskaraz funtzionatzen duen giza mugimendua» dela eta denok dugula lekua bertan.
Azken urteetan Mintzalaguna programaren aldaerak sortu dira: unibertsitario-laguna, e-mintzapraktika Internetez, etorkin berrientzako mintzapraktika, tokiko hizkera lantzeko guneak, guraso-laguna…
«Mintzapraktika on-line egiteko aukera urtarrilean zabaldu genuen, www.mintzapraktika.org en bidez; bost taldek parte hartu zuten ekaina arte. Orain berriro izena emateko aukera zabaldu dugu».

Mikel Ayerbe (Gasteizko dinamizatzailea)

Gasteizko Mintzalaguna egitasmoko koordinatzailea da Mikel Ayerbe azpeitiar Gasteizeratua 28 urte. Iaz 220 lagun hartu zuten parte Arabako hiriburuko programan, eta aurten kopuru hori gainditu dutela azaldu du. «Izatez xumea izan arren, askotariko dinamika eta baliabideak onartzen ditu Mintzalaguna programak. Euskaldunen arteko harreman sare bat sortzeak ere badu garrantzia Gasteizen».
Astean gutxienez ordubeteko mintza saioak eskaintzen dituzte, «nahiz eta gero talde bakoitzak markatu bere dinamika». Baina, asteroko saioez gain, parte-hartzaile guztiak gonbidatuta daude bestelako ekintzetara: hitzaldiak, antzezlanak, mendi orientazio saioak…

Garazi Leturiaga (Gasteizko Mintzalaguntzailea)

Gasteizen bizi da eta Itzulpengintza eta Interpretazioko azken kurtsoan ari da Garazi Leturiaga zarauztarra, 21 urtekoa. Otsailetik hartzen du parte Mintzalaguna programan, mintzalaguntzaile gisa.
«Programaren berri izan nuenean bi aldiz pentsatu gabe eman nuen izena. Aukera polita iruditu zitzaidan euskara ikasten ari zirenei lagundu eta euskaraz hitz egiteko aukera emateko; Gasteizen bada jendea euskara ikasten ari dena edo badakiena baina gero ez duena euskaraz aritzeko aukerarik. Banekien niretzat ere esperientzia guztiz aberasgarria izango zela. Hizkuntza bat ikasten ari naizenean eta batez ere mintzamena hobetu nahi dudanean, egiten dudan lehen gauza hizkuntza hori ama-hizkuntzatzat dutenekin elkartzea da, bide ona baita ikasitakoa praktikan jarri eta gehiago ikasteko».
Hiru lagun elkartzen dira astero-astero, goizetan, mingainari astindua emateko. «Goizetan elkartzen gara, elkarrekin gosaltzen dugu eta bitartean edozeren inguruan hitz egiten dugu. Eguna hasteko era paregabea izaten da. Gaiei dagokienez, norberaren inguruko kontuetatik hasi eta mundu zabalekoetaraino, edozeren inguruan hitz egiten dugu. Egun batetik bestera asko aldatzen dira gaiak. Azken batean, hitz egitea eta entzutea dugu gustuko. Egun batean gure hobby-ez hitz egiten dugu, bestean gure amets eta ilusioez eta beste batean egunerokoaren inguruan; etxean, klasean, lanean… bakoitzak bizi izandakoa kontatzen diogu elkarri. Gainera, adin ezberdinekoak garenez, bakoitza bere giroan bizi da, eta asko ikasten dugu elkarrengandik».

Julen Urbano (Gasteizko Mintzalaguna)

Gasteiztik eman digu bere testigantza Julen Urbanok ere 24 urte. «Denbora gutxi daramat oraindik, baina, dagoen giro onarekin, ziur nago aurrerakada nabaria izango dudala. Gainera, hainbat ekintza antolatzen dituzte eta, hori dela eta, interesa piztuta mantentzen da beti».
Ez zen, ez, zorteko ibili lehenbiziko egunean: «[Hitzordua jarritako lekura] berandu heldu nintzen, eta taberna itxita zegoen. Beraz, etxera joan behar izan nuen, lagunak ezagutu gabe». Halere, hurrengo hitzorduetan finago ibili da, eta taldetxoan ederki moldatzen ari da. Berak ere aitortu du hasieran lotsa edo urduritasuna izaten dela, baina elkar ezagutu ahala lasaitu egiten direla.
Nahi duenak hemen aurkituko du erreportaia osoa:

http://www.matraka.info/erreportaia.php?zenbakia=126881

E-MINTZAPRAKTIKA

2008ko Abenduaren 17an

Mintzapraktika

SkypeMintzapraktika egitasmoaren barruan, programa interesgarri bat dute, edozein arrazoia dela medio, toki zehatz baten ezin gera daitezkeen berbalagunentzat. Mintzapraktika on-line.

Geure berbalagunek bezala astean behin ere dute hitzordua horiek, baina berezitasun bat dute, bertaratu barik interneten bidez geratzen dira.

Skype programaren bidez egiten dute eta Mintzapraktika orrialde bertatik jaitsi dezakezue. Informazio gehiago gura baduzue klikatu hurrengo loturan: Mintzapraktika on-line.

Animatu.

Dena dela, ea talderen bat animatzen den eta, egunen baten, sistema hau erabiliz, Euskal Herriko beste Berbalagun talde batekin interneten bidez hitzordua izan dezakegun.

MINTZAPRAKTIKA MENDIAN?

2008ko Abenduaren 9an

Bai noski. Hona hemen Iruñerriko Mintzakide mendi taldearen egutegia. Animatuko al gara beste herrietakoak !! . Hori bai aldapa makurtzen hasten denean mingainari atsedenaldia ematen diotela jakin izan dugu.
ABENDUA
14 – Ernio (Oria Gipuzkoa)
21 – Arga ibaiaren inguruko ibilbidea, Iruñerrian
URTARRILA
11 – Bardeak
25 – Sabaiza (Baldorba)
OTSAILA
8 – Beorlegi (Behe Nafarroa)
22 – Mendaur (Malerreka)
MARTXOA
8 – Bioleta (Zaraitzu)
22 – Urkulu
(Ibañetatik)
APIRILA
5 – Anboto (Bizkaia)
19 – Agiña (Lesaka
inguruan, Bortziriak)
MAIATZA
17 – Dulantz (Urbasa)
31 – Kobazuloen
ibilbidea (Urdazubi-
Zugarramurdi-Sara,
Lapurdi) Sarrera guztia irakurri »

INTERNETEN BIDEZ MINTZAPRAKTIKA?

2008ko Azaroaren 20an

Bai noski!! Hori da webgune honek eskaintzen duen zerbitzuetako bat. Nonahi bizi zarela ere, euskaraz mintzatu, harreman sareak zabaldu , lagun berriak egin, aisialdia aberastu…Etxetik bertatik, Zangozan, Erroman, Kuban edo Australian bizi diren euskaldunekin harremanetan jarri eta euskal hizkuntza komunitate birtuala zabaltzen lagundu. Hori dena egin dezakezu programa honetan parte hartuz.

Nola egin? Orrialde nagusian, ezker aldeko zutabean, e-mintzapraktika atalean, Skype sakatu. Hor topatuko dituzu azalpenak. Sartu eta ikusiko duzu zer erraza den! Hortik aurrera…

Nork ez du ametsik egiten?

2008ko Azaroaren 19an

Lo zaudela edo esnatuta, denok dugu zer esan, zer pentsatu, zer proposatu. Bizarra Lepoan eta Egizu elkarteek egun hauetan martxan ipini dugu III. sms eta bideo lehiaketa. Ametsen mundua zabala da, norberak dauka berea eta interesatzen zaigu zurea ezagutzea eta denon artean konpartitzea.
bdzu amtsk? sms eta bideo lehiaketa martxan
Azaroaren 10etik 30era parte hartzeko aukera duzu baldintza hauek kontuan izanda:

1. Pertsona bakoitzak nahi beste lan bidali ditzake.
2. Gaia Bdzu amtsk? izango da.
3. Lanak euskaraz eta jatorrizkoak izan beharko dira eta ez dira onartuko beste lehiaketaren batean aurkeztutakoak.
4. Mezua sms batean sartu beharko da eta bideoa gehienez ere minutu batekoa izan beharko da.
5. Lanak jasotzeko epea mugatua izango da, 2008ko azaroaren 10etik 30era.
6. Sms-ak 688 687 825 telefono zenbakira bidali beharko dira. Bideoak euskaltube-ra igo eta linka bizarralepoan@euskalnet.net-era bidali.
7. Lehiaketaren epaimahaia Bizarra Lepoanek izendatuko du.
8. Mezu guztiak Bizarra Lepoanen esku geratuko dira.
9. Sari banaketa, abenduaren 5ean Andrés Isasi musika eskolan egingo den Izarren disdira Galan izango da.

Sariak: argazki kamera, portatila, mp4a, telefono mugikorrak…

Irabazleen lanak www.blogari.net/bl blogean egongo dira ikusgai

Antolatzaileak Egizu Getxo Euskaldun euskara elkartea eta Bizarra Lepoan Euskara Elkartea dira.

Laguntzaileak: Getxoko Udala, Foto Ricardo, eta Euskadiko Kutxa

Berbalagunak Bizkaia Irratian

2008ko Urriaren 10an

Mahatserriko berbalagunakMahatserriko Berbalagun talde bati elkarrizketa egin diote Bizkaia Irratian. Asteazken goizetan Santutxuko Kuluxka tabernan biltzen diren Marian, Argiñe, Jose Luis, Mikel, Garbiñe eta Josebarekin batera, Berbalaguneko arduraduna den Aitor eta Topaguneko Iker ere izan dira elkarrizketan.

Elkarrizketa entzungai dago:

Zabaldu! Hurbildu mintzapraktikara!

2008ko Urriaren 9an

Hasi da ikasturte berria Mintzapraktika egitasmoetan. Aurten gonbite batean ekin diogu Euskal Herriko mintzalagun eta berbalagun guztiok ikasturtea gainera: zabaldu!

Lehenengoz parte hartu nahi duzula? Jo ezazu egitasmoen zerrendara eta jarri zaitez harremanetan bertako arduradunekin.

Ongi etorri guztioi! Komunitatea zabaltzen jarraitzen dugu!

Dinamizatzaile berrientzako prestakuntza saioa

2008ko Irailaren 1an

Mintzalagun edo berbalagun egitasmoak dinamizatzen dituzten lagunentzako prestakuntza saioa antolatu du Topaguneak irailaren 25erako. Horrela, euskara elkarteek beren egitasmoak martxan jarri aurretik, dinamizatzaileentzako lagungarriak izan daitezkeen baliabideen berri ematea eta hauek izan ditzaketen zalantzei erantzutea dira saioaren helburuak. Beraz, dinamizatzaile lanetan berriak diren langileei dago zuzenduta irailaren 25eko bilkura.
Hauek dira saioan parte hartzeko kontuan izan beharreko gainontzeko datuak:

·        Saioak bi ordu inguruko iraupena izango du.

·        Eskaeren arabera data bat edo bi eskainiko dira ( Irailaren 30ean edota Urriaren 2an )

·        Izena emateko epea Irailaren 25ean amaituko da.

·        Izen-emate datuak ondoko helbidera bidali behar da: mintzapraktika[abildua]topagunea.org. Ondokoak dira bidali beharreko datuak:

  • Izen-abizenak
  • Euskara Elkartea
  • Herria
  • Telefonoa
  • e-posta

Mintzakide: 2008-2009 ikasturtea

2008ko Abuztuaren 27an


2008-09 ikasturtea prestatzen hasi gara dagoeneko.

Ikasturte honetan izena eman nahi duten partaide guztiek data hauetan egin beharko dute eta toki hauetan.

Izena emateko datak: Urriaren 1etik Urriaren 20ra.

Izena emateko tokiak:

  • Aranguren: Udaleko Euskara Zerbitzua.
  • Atarrabia: Karrikaluze elkartea.
  • Barañain: Sahats euskaltegia.
  • Berriobeiti: Udaleko Euskara Zerbitzua.
  • Berriozar: Udaleko Euskara Zerbitzua.
  • Burlata: Zaldualde Euskaltegia.
  • Iruñea: Karrikiri elkartean eta  Arturo Campion, Iruñezar, eta Irrintzi euskaltegietan.
  • Tafalla: Udaleko Euskara Zerbitzua.
  • Uharte: Zubiarte euskaltegia.
  • Zizur: Udaleko Euskara Zerbitzua.
  • Orkoien, Oltzako Zendea, Etxauri, Bidaurreta: Udaleko Euskara Zerbitzuan.  

Bitartean ongi segi!!

Mintzapraktika saioen ikasturte amaiera

2008ko Uztailaren 17an

 

Beste behin ikasturte bukaera iritsi da eta batera mintza talde gehienek, urtero legez, euren eten aldia hartu dute. Abuztuko oporrak ate joka,  uda girorako gogoz, buruak astindu eta atseden hartzeko ordua da.

 

Euskal Herriko egitasmo gehienek euren taldeak agurtuko zituzten jada. Horregatik, guk ere Skype mintzakideei euren oporrez gozatzen utziko diegu! Asko, irailean, oporren ostean bueltatuko dira; beste zenbaitek bere bidea jarraituko du eta hoberena opa diegu.

 

2007 -  2008 ikasturtean, Skype bidezko sei taldetan banatutako hamalau partehartzaile izan ditugu. Taldeak sortzen makina bat lan izan dugu eta kostatu zaigun arren azkenean martxan jarri ahal izan dira. Beraz lehenengo ekitaldia izateko ezin kexatu gaitezke!

 

Datorren ikasturtera begira, taldeen martxa hobetu nahi genuke eta horretan saiatuko gara buru belarri.

 

Irailean berriz ekingo diogu lan horri eta horretarako jendea animatu nahi dugu. Bide lagun ororen beharra ezin bestekoa dugu, eta nola ez, baita, bidelariena ere! Beraz badakizue! ANIMATU!!