Getxon, Bizkaierazko berbalagun taldea aurten ere
Asteazkena, Urtarrila 21st, 2009“Getxon be hameko berbe ikisi gure dogu”
Berbalagunen bizkaiera taldea 2008/09
Nola sortu da? Zergaitik?
Bizarra Lepoan euskera alkarteak eta EGIZU alkarteak betidanik izan dabe bizkaierea eta Getxoko euskerea sustatzeko kezka. Beti izan dogu argi, Getxon batua ez dan bertoko euskerea egonda, eta gu euskera alkarteetakoak izanda, zerbait egin behar genduala herriko euskerea zabalduteko, kalera atarateko eta prestigioa emoteko.
2007/08 ikasturtean, Bizarra Lepoanek Hameko berbek ikisi gura (do)gu bizkaiera ikastaro teoriko-praktikoa antolatu eban eta Labayruko irakasle baten gidaritzapean 10 lagun ibili ziran bizkaiera ikasten eta erabilten. Eskoletan lantzen zan teoriagaz eta bizkaieradunen bisita eta hitzaldiakaz osatu zan. 2008ko maiatzean, ikasturtea amaituta, hile bitan martxan egon zan, proba piloto moduan, berbalagun taldea bizkaieraz, ikasleek eta beste batzuek osatu ebena.
2008/09 ikasturtean erabagi zan ikastaroa ostera be antolatu barik, indar guztia jarriko genduala maiatzean sortutako taldea handitzen eta sendotzen, eta horren ardurea EGIZUrena izango zala.
Zer da?
Berbalagun taldea da, baina berezia: beste taldeetan legez, lagun batzuk astean behin alkartzen dira euskeraz berba egiteko.
Baina beste taldeetan ez bezala, talde honek berezitasun batzuk daukaz:
- Berbalagun guztiak euskaldun osoak dira
- Ordu eta erdiz egoten dira astero
- Dinamizatzaile/arduradun bat dago
- Talde handia da (14 lagun)
- Garrantzitsuena: baldintza bakarra da bizkaieraz egin behar dala berba, norberak daukana eta dakiena
Zertarako da?
- Bizkaieradunak eta euskalki hori ikasi, landu, erabili eta hobeto ezagutu nahi dabenak alkartzeko. Modu honetan, espazio berri bat sortzen dogu Getxon bizkaierarentzat.
- Lotsen eta konplexuen gainetik, gure euskereak urtetan galdutako prestigioa berreskuratzen hasteko, Getxoko euskerea ostera be Getxoko kaleetan egoteko.
- Gonbidatuakaz, bizkaieraren sarea osatzen joateko Getxon eta inguruetan, jakiteko nork dakien, eta erabilera handitzeko.
Zergaitik da garrantzitsua?
- Getxoko eta Uribe Kostako euskerea hortxe dago, bizirik, nahiz eta gitxik erabilten daben gaur egun. Aukerea dogu, oso modu apalean bada be, suspertzeko eta zabaltzeko.
- Ezaguna da euskereak eta euskaldunok urtetan jasandako – eta hondino be jasaten dogun – zapalkuntza, mespretxua eta bazterketa, linguistikoa zein kulturala. Eta jakin badakigu, gainera, azken hamarkada honeetan euskalkiak – eta horreen artean bizkaiera – eta bizkaieradunak bigarren maila baten lotu dirana, Akordaten naz bideoan ezin argiago agertzen dan legez. Ekimen txiki hau horreen guztien omenez be bada: izan ziralako, bagara.
- Taldean jende asko animatu da (28 berbalagun taldeetan, handiena da hau), harrera uste genduana baino hobea izan da eta pentsetan dogu hori seinale ona dala: jendeak bizkaierea ikasi eta erabili nahi dau.
- Taldean emakume zaharrak dagoz eta eurek daben modu bakarra euren euskerea erabilteko hauxe da. Urteetako lotsak eta konplexuak kentzeko modurik onena.
- Perfil oso desbardinak parte-hartzaileen artean. Euskaldun zaharrak eta euskaldun barriak, zaharrak, gazteak eta adin ertainekoak, emakumeak eta gizonak, Getxoko eta beste herrietako bizkaierak, Euskal Herriko hainbat tokitako jentea.
Zer egingo dogu?
· Iraupena: 2008ko zemendiaren 13an hasita, 2009ko bagilaren 25era arte
· Eguna eta ordua: eguenetan, 20:00-21:30
· Lekuak: Getxoko hainbat taberna, plaza eta lokal
· Helburu nagusia: berba egitea, edozeren gainean, bakotxak ahal dauen moduan, koordinatzaileak gidatuta, baina beti be bizkaieraz
· Ekimen bereziak: hilean behin antolatuko doguz bideo emanaldiak bizkaieraz, afari-meriendak, hitzaldiak bizkaieraz, bizkaieradunak gonbidatu taldera…
· Parte hartzeko: izena emon EGIZU alkartean, telefonoz edo posta elektronikoz
Zer eskatuten dogu?
- Herritarren, alkarteen eta administrazinoen inplikazinoa proiektu xume baina garrantzitsu hau babesteko, bakotxak bere esparruan eta ahal dauen neurrian: zabalduz, parte hartuz, publizitatuz, diruz lagunduz…
Bizarra Lepoan Euskara Elkartea
Getxoko euskara elkartea da, 300 bazkide ditu eta 13 urte daramatza euskararen erabilera sustatzen. Bapiruke eta GEHItu Kirolera dira bere egitasmo nagusiak baina beste batzuetan ere parte hartzen du: EGIZU elkartea, Getxoko toponimia (Udalarekin batera), GEHI Aisia, Aitzakiarik ez kanpaina…
Karitatea 1, sotoa, 10. bulegoa 48991 Algorta GETXO // 94 491 43 57
bizarralepoan@euskalnet.net | http://www.blogari.net/bl
EGIZU Getxo Euskaldun Euskara Elkartea
Getxoko hiru euskaltegiek (Jose Antonio Agirre, Lauaxeta AEK eta Udal Euskaltegia) eta Bizarra Lepoan euskara elkarteak osatzen dute. Orain dela 8 urte sortu zen Getxoko euskaldunei euskarazko espazio berriak eskaintzeko eta erdaldunak motibatzeko euskara ikas dezaten. Bost proiektu ditu martxan: Berbalaguna eta Kultur Jarduerak, Kirola euskaraz, Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoa, Sendi Proiektua familientzat (Udalarekin elkarlanean) eta Kliska inforria.
Karitatea 1, sotoa, 10. bulegoa 48991 Algorta GETXO // 619 935 541
egizugetxo@yahoo.com | http://www.blogari.net/egizu | http://www.blogari.net/sendi





