Mintza Egunaren bosgarren edizioa, ekainaren 6an, Arrasaten.
Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak antolatutako jaia da. Euskara Elkarteek herrietako euskaltegiekin eta euskalgintzako beste zenbait eragilerekin kudeatzen dituzten mintzapraktika egitasmoetan parte hartzen duten berbalagun, mintzakide, mintzalagun, solaskide guztiek elkar ezagutu eta egun pasa ederra egiteko parada dute bertan.
Aurtengo edizioa, bosgarrena, ekainaren 6an izango da, Arrasaten. Mintzapraktika mugimenduaren tamaina ezagutzera emateaz gain, ikasturteari bukaera goxoa ere eskainiko dio bosgarren Mintza Egunak.
Mintza Egunera gerturatzen direnek Arrasteko txokoak eta historia hobeto ezagutzeko aukera izango dute, “eta baita mingainak dantzan jartzeko ere”. Jaialdia goizeko 11:00etan hasiko da, Biteri Plazan egingo den ongietorria eta hamaiketakoaz. 12:00etan ibilaldi gidatua egingo dute bertaratutakoek tokiko berezitasunak ezagutzeko, eta 13:30etan kalejiraren txanda izango da.
Eguerdi partean indarrak berritzeko unea izango da, eta horretarako Arrasate Errugbi taldeak Herriko plazan jarriko duen karpan bazkalduko dute 14:30etatik aurrera.
15:30etan une hunkigarria biziko da, sari banaketa burutuko baitute. Sari hauek urtero banatzen dira, Mintzapraktika egitasmoetan pertsona ezberdinek egin duten ibilbideak omentzeko.
Arratsaldeko 16:00retan jaialdia bere azken txanpan sartuko da, Kataia taldeak erromeria eskainiko baitu. Esan beharra dago honako hau Mintza Egunaren berritasun nagusia izango dela, Markina eta Bergaran bizi eta euskaraz abesten duten senegaldar eta ganbiarrek osatzen baitute Kataia.
Open publication - Free publishing - More topagunea





