Mintzapraktika
... Dantzatu mingaina!

300 lagun baino gehiago mintza egunean

Euskara Elkarteen Federazioak, AED Elkarteak eta Zahar Berri mintzapraktika egitasmoak antolatu zuten atzo Euskal Herriko mintzapraktika egitasmoetako partaideak elkartzeko eguna eta jai-egun entretenigarria euskaraz pasatzeko helburua duen jaia. Berbalagunak, solaskideak, mintzalagunak… Hego Euskal Herriko txoko guztietatik hurbildu dira Arrasatera mingaina gustura astintzeko.

Antolatzaileen ongi etorriaren ondoren, bertaratutako lagunek hamaiketakoa egin dute Biteri plazan, txalapartaren soinuak lagunduta. Euriak une batetik bestera denak sakabanatu behar zituela ematen zuen arren, azkenean eguraldiak ere bat egin du jaiarekin, eta han-hemenkako tantatxo batzuk kenduta, aparteko eragozpenik ez da egon.

Hamaiketakoaren ondoren Arrasateko historia eta txoko esanguratsuak ezagutzeko ibilbide gidatua hasi da, Ana Isabel Ugalderen eskutik. Historialariak ahozabalik utzi du bat baino gehiago Arrasate eta Mondragoeren arteko diferentziak, herriko harresia eta garai bateko arkitektura eta hirigintza arauak gaitzat hartuta.

Ibilbidearen ostean, Manex Agurre eta Jokin Labaien bertsolari gazteek jarri diote piperra goizari, eta jaso duten txalo zaparrada ikusita, entzuleek gustura hartu dituztela esan daiteke. Gero entzuleak beraiek izan dira protagonista, Portaloiko kanta taldeak eta Arrasateko trikitilariek kantuan eta dantzan jarri baitituzte, hala Mintza Egunera etorritakoak nola kalean zebiltzan herritarrak ere.

Kalejiraren ondoren, 14:30ak aldera, mintzalagunak Udaletxeko plazako karpa erraldoian elkartu dira elkarrekin bazkaltzeko. 270 lagun batu dira han guztira, eta, postrean, eguneko unerik hunkigarriena iritsi da: urtero egiten den sari banaketarena, hain zuzen ere. Sari horiekin, mintzapraktika egitasmoetan ibilbide nabarmena duten lagunen ahalegina eskertzen da. Eta bistan da asko direla ahalegin hori egiten dutenak, aurten zazpi izan baitira saritutakoak: Uribe Kostako Ana Telo, Bergarako Nerea Altzelai, Arrasateko Mari Karmen Agilar eta Espe Sainz, Ezkerraldeko Juanan Fernandez eta Mikel Ferrero eta duela 21 urte Ekuadorretik Donostiara etorritako Gladis Villalva kazetaria.

Bukatzeko, Mintza Egunak hedabideetan izandako oihartzuna aipatu nahiko genuke, ETB1eko Gaur Egun albistegiko berria atxikitzen dugu

 

 

Erantzun bat to “300 lagun baino gehiago mintza egunean”

  1. 14 mintzakide Arrasateko Mintza Egunean. - Mintzakide Says:

    […] ikasturte honetako saio osagarriak bukatutzat emanen ditugu.Mintza Eguneko informazio gehiago: hemen sakatu.Mintzakide Mendi Taldeak Isturitzen antolatu du igande honetan, ekainak 13, mendi irteera. Aste […]

Erantzun bat utzi