Mintzapraktika
... Dantzatu mingaina!

Mintzalaguna eta antzeko programekin beren euskara hobetzen eta bizitzen dute gazte askok.

Buru-mihietan euskara azkartzen.

Otx! Mingaina trabatzen zait!… Ene, nola hasiko naiz ezezagun hauekin euskaraz… Uf! Ahalketzen naiz hauekilan euskaraz mintzatu behar izateaz!… Kauen! Koadrillan beti erdaraz jardun dugu, eta zelako lotsa, orain euskaraz!… Halako pentsamenduak ez zaizkio arrotz egingo euskara ikasi eta hobetzeko lanean dabilenari. Oinez goazela zangotrabatzeak nola, hizketaldian ere mihia korapilatzea edo lotsaren lotsaz berba jarioa etetea normala da. Ekinean ikasten da, hanka sartuz eta hobetuz; eta hizkuntzak ez dira salbuespena. Natural egin behar da bidea, eta, horretarako, badira, zorionez, hainbat makulu. Mintzapraktika ikasgeletatik kalera, etxera, lantokira, mendira, gaztetxera, tabernara, kontzertuetara, ohera… bizitzako esparru guzietara eraman behar da, euskarak eta euskaldunok, euskal hiztunok, osasuntsu iraungo badugu.
Makulu horietako bat dira Mintzalaguna eta antzeko ekimenak: Berbalagun, Mintzakide, Solaskide… Euskal Herri osoan ez ezik, Interneten ere barreiaturik daude. Buru-mihietan euskara azkartzen saiatzen dira mintzapraktika proiektuetan parte hartzen dutenak. Azkartzen, indartu nahiz bizkortu edo bizitu zentzuekin. Ikasitakoa erabiltzen, lantzen, biribiltzen, goxatzen… eta esamolde eta hitz berriak ikasten. Betiere, lagun zaharrez eta berriez inguratuta, ondo pasatuz, hainbat ekintza eta jardueratan. Klase eta arbeletatik urrunxko, aisialdian bereziki. Euskara elkarte, AEK eta IKA euskaltegi sare eta gizarte mugimenduen elkarlanezko ekimena da.

Oskar zapata
«Mintzalagun taldeek, leku publikoetan bilduta, euskararen kale erabileran eragina dute»
Oskar Zapata Iruñekoa da, eta euskara elkarteen bilgunea koordinatzen du, Topagunea. Mintzapraktika egitasmoen ikuspegi orokorra duenez, hainbat datu ditu esku artean. Iragan ekaina arteko programetan 2.500 lagunetik gora ibili ziren, Euskal Herriko 44 herri eta hiritan. «Iparraldean zenbat ibili ziren zehazki jakin gabe. Baionako AEK-ko euskaltegiaren inguruan talde bat mugitzen dela badakigu». Matrakak jakin duenez, Donibane Lohizune inguruan ere bada talde bat; ez, ordea, Zuberoa eta Nafarroa Beherean.
Ekimen horietan gazteek zein helduek hartzen dute parte. Getxon Bizkaia, esaterako, parte-hartzaileen batez besteko adina 29,5 urtekoa da. Talderik handienak hiri inguruetan biltzen dira: Iruñerrian eta Gasteizen 200dik gora lagun, Donostian, Getxon eta Mahatserrian Bilboko Begoña elizateko auzoak hortik hurbil… Zabalkunderik handiena Bizkaian du 25 herritan, Gipuzkoan 17, Nafarroan Sakanan, Bortzirietan eta Iruñerrian, Araban Gasteizen, Aiaraldean eta Arabako Errioxan…
Zapataren ustetan, Mintzalagun ekimenen helburu nagusia euskaraz funtzionatzen duten harreman sareak sortzea da, «horrek komunitatea trinkotzeari begira dakarren ontasun guztiekin». «Esan behar da Mintzalagun taldeak leku publikoetan biltzen direnez kale erabileran eragina izaten dutela eta jarioa landu behar dutenei lekua eginez euskaldun kopurua handitzeko eragina dutela».
Haren idurikotz, «erronka polita» da euskaldun jendeari ulertaraztea «komunitate osoari egiten zaion eskaintza» dela, aisialdikoa, lagun zahar edo berriekin zaletasunak konpartitzeko gunea ere badela, elkarrekin mendira joatekoa, kontzertu batera joatekoa… Azken batean, «euskaraz funtzionatzen duen giza mugimendua» dela eta denok dugula lekua bertan.
Azken urteetan Mintzalaguna programaren aldaerak sortu dira: unibertsitario-laguna, e-mintzapraktika Internetez, etorkin berrientzako mintzapraktika, tokiko hizkera lantzeko guneak, guraso-laguna…
«Mintzapraktika on-line egiteko aukera urtarrilean zabaldu genuen, www.mintzapraktika.org en bidez; bost taldek parte hartu zuten ekaina arte. Orain berriro izena emateko aukera zabaldu dugu».

Mikel Aierbe
«Izatez xumea izan arren, askotariko dinamika eta baliabideak onartzen ditu Mintzalaguna programak»

Gasteizko Mintzalaguna egitasmoko koordinatzailea da Mikel Aierbe azpeitiar Gasteizeratua 28 urte. Iaz 220 lagun hartu zuten parte Arabako hiriburuko programan, eta aurten kopuru hori gainditu dutela azaldu du. «Izatez xumea izan arren, askotariko dinamika eta baliabideak onartzen ditu Mintzalaguna programak. Euskaldunen arteko harreman sare bat sortzeak ere badu garrantzia Gasteizen».
Astean gutxienez ordubeteko mintza saioak eskaintzen dituzte, «nahiz eta gero talde bakoitzak markatu bere dinamika». Baina, asteroko saioez gain, parte-hartzaile guztiak gonbidatuta daude bestelako ekintzetara: hitzaldiak, antzezlanak, mendi orientazio saioak…

Enara Garcia
«Esperientzia bikaina da; bestela, ez nuke urtero errepikatua»

Enara Garcia donostiarrak 25 urte ditu eta historialaria da. Los jesuitas en la Guerra Civil 1936-1939 liburuaren egileak bi urte eta erdiz ikasle jardun du Bageraren Mintzalagun programan, eta aurtengo azarotik laguntzailea da. «Unibertsitateko ikasketak bukatutakoan konturatu nintzen lanpostu bat lortzeko benetan behar nuela euskara. Horregatik, Ilazki euskaltegian hasi nintzen ikasten». Baina euskaltegitik kanpo ez zuen norekin hitz egin. Bageraren iragarki bat ikusi, eta mintzalagunen programan parte hartzera animatu zen 2006ko martxoan.
Mintzalagunen dabilenetik bere euskara mailan eta hitz egiteko erraztasunean «oso hobekuntza nabaria» izan du. «Hasi nintzenean ez nintzen ahozkoan esaldi bat bera ere bukatzeko gai idatzizkoan bai. Euskaltegian aditzen taula ikasi arren, esaldiari zegokion aditza bat-batean asmatzea ia ezinezkoa zen, eta oso zaila zen nahi nuena esateko hitzak aurkitzea. Aurtengo ekain-uztailetan, ordea, EGA, HABEren hirugarren hizkuntz eskakizuna eta Hizkuntz Eskolako goi zikloa lortu ditut, ahozko azterketak gaindituta».
Solaskideak izan ditu hitz egiteko erraztasuna eta jariotasuna lortzeko laguntzarik onena. «Nire talde ohiko laguntzaileak, Xabik, oso giro ona sortzen du bileretan eta badaki pazientziaz entzuten».
«Esperientzia bikaina da; bestela, ez nuke urtero errepikatuko». Urduritasuna eta lotsa lehen egunetan besterik ez dira agertzen: «Gero betiko lagunekin geratzea bezala da, konfiantza giroa baitago».
Urte hauetan hainbat pasadizoren lekuko eta protagonista izan da: «Bagerak txangoak antolatzen ditu, eta bakoitzean anekdota ugari sortzen dira, liburu bat idazteko adina. Adibidez, Larrun mendira [Nafarroa eta Lapurdi artean] joan ginenean, bazkaria agindu genuen Iparraldeko jatetxe batean. Bageraren arduradunak 14:30ean egongo ginela esan zion jabeari, baina berak 13:30ean ulertu zuen. Azkenean 15:00etan agertu ginen eta nagusia oso haserretuta aurkitu genuen. Pentsa, Frantziako Estatuan 12:00etan bazkaltzen da, jatetxea ia itxita zegoen eta langile guztiak joateko gogoarekin. Horrela ikasi genuen oso garrantzitsua zela ondo ahoskatzea».

Jokin Garcia
«Konturatu naiz euskara batua dela nire ‘euskalkia’»

Jokin Garcia ere donostiarra da, 24 urtekoa. Iaz hasi zen jarduera honetan, bere familia eta lagunartean euskara erabiltzeko aukerarik ez zuelako. «Nortasun arazoak direla eta, euskararekiko loturak estutzeko beharra sentitu nuen. Konturatu nintzen unibertsaltasuna bakarrik euskalduntasunetik ulertzen nuela: benetako munduko herritar izango nintzela euskalduna izaten».
Ez daki euskara maila hobetu duen, baina bere mugak «hobeto» ezagutzen ditu orain, eta «erosoago» sentitzen da. Esperientziari dagokionez, «Oso ona» deritzo. «Beti lotsatu izan naiz euskara batuan hitz egiten dudalako. Baina konturatu naiz hori dela nire euskalkia, euskaldun berrion euskalkia. Ez da besteak bezain polita, baina horixe irakatsi zidaten. Ez da nire errua, eta horrekin bizitzen ikasi behar dut».

Garazi Leturiaga
«Goizetan elkartzen gara, elkarrekin gosaldu, eta edozeren inguruan hitz egiten dugu»

Gasteizen bizi da eta Itzulpengintza eta Interpretazioko azken kurtsoan ari da Garazi Leturiaga zarauztarra, 21 urtekoa. Otsailetik hartzen du parte Mintzalaguna programan, mintzalaguntzaile gisa.
«Programaren berri izan nuenean bi aldiz pentsatu gabe eman nuen izena. Aukera polita iruditu zitzaidan euskara ikasten ari zirenei lagundu eta euskaraz hitz egiteko aukera emateko; Gasteizen bada jendea euskara ikasten ari dena edo badakiena baina gero ez duena euskaraz aritzeko aukerarik. Banekien niretzat ere esperientzia guztiz aberasgarria izango zela. Hizkuntza bat ikasten ari naizenean eta batez ere mintzamena hobetu nahi dudanean, egiten dudan lehen gauza hizkuntza hori ama-hizkuntzatzat dutenekin elkartzea da, bide ona baita ikasitakoa praktikan jarri eta gehiago ikasteko».
Hiru lagun elkartzen dira astero-astero, goizetan, mingainari astindua emateko. «Goizetan elkartzen gara, elkarrekin gosaltzen dugu eta bitartean edozeren inguruan hitz egiten dugu. Eguna hasteko era paregabea izaten da. Gaiei dagokienez, norberaren inguruko kontuetatik hasi eta mundu zabalekoetaraino, edozeren inguruan hitz egiten dugu. Egun batetik bestera asko aldatzen dira gaiak. Azken batean, hitz egitea eta entzutea dugu gustuko. Egun batean gure hobby-ez hitz egiten dugu, bestean gure amets eta ilusioez eta beste batean egunerokoaren inguruan; etxean, klasean, lanean… bakoitzak bizi izandakoa kontatzen diogu elkarri. Gainera, adin ezberdinekoak garenez, bakoitza bere giroan bizi da, eta asko ikasten dugu elkarrengandik».

Julen Urbano
«Dagoen giro onarekin, ziur nago aurrerakada nabaria izango dudala»

Gasteiztik eman digu bere testigantza Julen Urbanok ere 24 urte. «Denbora gutxi daramat oraindik, baina, dagoen giro onarekin, ziur nago aurrerakada nabaria izango dudala. Gainera, hainbat ekintza antolatzen dituzte eta, hori dela eta, interesa piztuta mantentzen da beti».
Ez zen, ez, zorteko ibili lehenbiziko egunean: «[Hitzordua jarritako lekura] berandu heldu nintzen, eta taberna itxita zegoen. Beraz, etxera joan behar izan nuen, lagunak ezagutu gabe». Halere, hurrengo hitzorduetan finago ibili da, eta taldetxoan ederki moldatzen ari da. Berak ere aitortu du hasieran lotsa edo urduritasuna izaten dela, baina elkar ezagutu ahala lasaitu egiten direla.

Junkal Lertxundi
«Guk lasai hitz egiteko esparru erreal bat eskaintzen diegu, eta benetan gustura egoten gara»

Donostiarra da Junkal Lertxundi, Santo Tomas Lizeoko irakaslea, poeta, eta azken sei urteetan Mintzalagun programako laguntzailea. Oso kontent dago esperientziarekin, eta denentzako aberasgarritzat dauka. «Egitasmoa orokorrean oso ona iruditzen zait, jende askok euskaltegian euskara ikasi bai baina ez baitu ondoren euskaraz modu naturalean egiteko aukera handirik; guk lasai hitz egiteko esparru erreal bat eskaintzen diegu, eta benetan gustura egoten gara. Nik urtero talde berarekin errepikatzen dut, denak gustura gauden seinale!!!».
Poz handia hartzen du, urtetik urtera mintzalagunen euskara maila eta jarioa hobetiz doala ikusten duelako. «Horrez gain, urteekin mintzalagunak lagun bihurtzen dira! Ez da gutxi, beraz, jasotzen duguna.

“Gazteek egunerokoan erabili nahi dute euskara”

1 Zein xede, erronka eta zailtasun dituzte halako programek
Helburu nagusia euskararen erabilera areagotzea da, mintzalagun taldeek elkartzean euskaraz egiten dute, baina gure erronka euskara erabiltzeko ziurtasuna lortu eta mintzalagun taldetik kanpo euren ingurunean euskara normal erabiltzea da. Zailtasuna nagusiki laguntzaile falta da; hau da, euskara ikasleekin mintzapraktikan aritzeko, ez dugu nahikoa jende izaten eta, bestalde, Donostiaren kasuan aurrekontu murritza dugu ekimena jende gehiagorengana iristeko.

2 Pozik al zaudete emaitzekin
Donostiako Mintzalaguna ekimenak 15 urte beteko ditu ikasturte honetan; beraz, errotuta dago ekimena. 12 lagunekin hasi zen orduan, eta gaur egun 200 lagun aritzen dira ikasturtero. Hala ere, jende gehiagorengana iritsi beharko luke ekimenak Donostian.

3 Azken urteotan Mintzalaguna programaren aldaerak sortu dira. Zer funtzionamendu eta harrera izaten ari dira
Donostian EHUrekin dugun hitzarmen baten bidez, bertako ikasleek laguntzaile gisa aritzearen truke aukera askeko kredituak jasotzen dituzte, batetik. Bestetik, Zurriola ikastolan eta Amara Berri ikastetxean guraso-lagun esperientziak izan ditugu. Ikastetxeko haurren gurasoentzat da eta seme-alabak eskola orduz kanpoko ekintzetan diren bitartean egiten dira normalean mintzapraktika saioak.

4 Zer moduzko esperientzia da koordinatzaile edota mintzalaguntzailearena Zer ematen duzue zuek, eta zer ematen dizue zuei esperientziak
Koordinatzaile esperientzia oso ona da, batez ere ikasturte hasieran dagoen eskaria ikustea. Gero, ikasturtean zehar mintzalagunentzat antolatzen ditugun ekimen berezietan jendearen parte-hartzea ona da, eta oso giro aberasgarria sortzen da. Eta, azkenik, esango nuke ikasturte amaieran mintzalagunei pasatzen zaien inkestaren emaitza oso ona izaten dela, gehienek egiten dute aurrera erabileran eta gustuko esperientzia izan dutela aitortzen dute.

5 Parte hartzen duten gazteek zer kezka, eskaera, proposamenak helarazten dizkizuete Zer bilatzen dute, oro har

Oro har, euskara maila hobetu nahi dute, kalean, lagunekin eta abar erabiltzeko. Batzuek lanerako behar dutela aitortzen dute, baina aldi berean egunerokotasunean erabili nahi dutela esaten dute. Azken ikasturteetako euskara ikasle gazteen euskara maila gero eta hobea da, baina hizkuntza ohitura aldatu nahi dute, gutxitan egiten baitute euskaraz.

6 Aurrera begirako zein proiektu eta egitasmo daukazue esku artean

Betiere diruaren menpe gaude, baina egitasmoa jende gehiagorengana iristea da gure erronka, ikastetxe gehiagotan guraso-laguna martxan jartzea, gazte gehiagorengana iristea…

SARERA BEGIRA
www.mintzapraktika.org
mintzapraktika@topagunea.com
Mintzalagun ekimenen informazio gehiago. 0034 948-13 26 93 / 618-61 52 77.
Topaguneko informazio telefonoak.
www.praktikatu.blogspot.com
Hemengo eta Ameriketako euskaldunekin nahiz Facebook bidez euskaraz aritzeko.

Erantzun bat utzi