Mintza Eguna 2009 Gasteizen
Laugarrenez ospatuko da Mintza Eguna aurten, non eta Gasteizen. Mintzapraktika egitasmoetan parte hartzen duten milaka lagunei eskainitako eguna da, uda aurretik, antolatzen den bilkura handia, Euskal Herri osoko Mintzalagun, Berbalagun, Solaskide, Mintzakideak elkartzeko eguna.
Gasteizko Mintzalaguna egitasmoko Leire Elizagarai eta Mikel Ayerberekin hitz egin dugu Mintzalagunari eta Mintza Egunari buruz.
2007. urtean hasi zen Mintzalaguna Gasteizen, zer moduz joan dira bi ikasturte hauek?
Oso balorazio ona egiten dugu Gasteizko Mintzalagunean, izan ere, lehenengo ikasturtean 220 lagun taldekatzea lortu genuen, eta aurten 300 lagun taldekatzera iritsi gara.
Badakigu, ordea, oraindik bide luzea dugula egiteko. Bide horretan, euskarak Gasteiz behar du eta Gasteizek euskara, eta nola ez, Mintzalagunak horretan dihardu.

Aurten Saio Osagarri oso bitxiak (argazki lehiaketa, orientazio ikastaroa…) egin dituzue, zer moduzko erantzuna izan dute partaideen artean?
Oso erantzun ona izaten ari gara, nahiz eta proposaturiko zenbait gauza bitxiak izan. Dena den, ekintza osagarriak antolatzerakoan talde dinamika sustatzen saiatu gara, taldekideen arteko komunikazioa bultzatzeko tresnak eskainiz: adibidez, orientazio ikastaroan garrantzi handia du taldekideen arteko koordinazioak; argazki lehiaketan argazkiak eta leloak aukeratzeko proposamenak egin eta aukeren artean zein aurkeztu erabaki behar dute mintzalagunek…
Gure ustez ildo horretako ekintzak dira mintzataldeetan eskaini behar direnak.
Zeintzuk dira aurrera begira dituzuen erronkak?
Asko eta handiak. Hasteko, orain arte eskaini dugun zerbitzua hobetu eta sendotu nahiko genuke, besteak beste, lagun gehiagorengana helduz. Bestetik, Ikastetxeetako Gurasoen Mintzalaguna bezalako mintzapraktika programaren aldaera sortzeko bidean gara Gasteizko ikastetxe jakinetan. Etorkizunera begira, unibertsitate esparruan ere lan egin nahi genuke. Asmoak eta ideiak oraingoz ez dira falta…

Zein egitarau prestatu duzue Mintza Egunaren laugarren ediziorako?
Gasteizen ospatuko den laugarren Mintza Eguna dela eta, ekainaren 6an bazkari erraldoi bat izango da Landatxon. Baina aurretik, hamaiketakoarekin ongietorria egingo zaie kanpotik datozen berbalagun, solaskide, mintzakide eta mintzalagun guztiei. Bertan izango dira Manex Agirre eta Jokin Labayen bertsolariak, txalapartariak eta dantzariak; eta jarraian, ibilbide gidatuan Kirmen Uribek eta Unai Gartziak Alde Zaharreko txoko bitxien inguruan azalpenak emango dituzte, dultzaineroek lagundutako kalejira animatuan. Bazkari ostean, festa giroarekin jarraitzeko, Erdizka Lauetan taldearekin erromeria paregabea izango da.





